Fernand Braudel Center
http://fbc.binghamton.edu/commentr.htm
79. iruzkina, 2001eko abenduaren 15a
BELATZAK ERASOAN
"Jainkoei aurre egin nahi dietenak, lehenago erotu egiten
dira"
(Euripides)
Belatzen sasoia ailegatu izana posible da. Belatz gaixoak , estatubatuar presidenteengatik hain eskastuak, eta ez bakarrik Carter edo Clinton bezalako astazakilenagatik. George W. Bushek ez zuen Txinara troparik bidali, pasa den apirilean txinatarrek haien lurraldearen gainetik hegaka zebilen hegazkina bota zutenean. George Bushek, aitak, ez zuen Bagdaden barrena sartzeko agindurik eman.Ronald Reagan berberak, koroaren harribitxiei birtualki muzin egin zien Gorbachevekin topo egin zuenean Reikiaviken. Richard Nixon (bere kide Henry Kissingerrekin) akordio batera ailegatu zen Mao Zedongekin, are gehiago, 1972an ABMko itun arriskutsu hura sinatu zuen. Presidente estatubatuar batek benetako ekintza gogangarria azkenekoz egin zuenekoa 1945ean kokatu beharko genuke, AEBk Japoniaren kontra bonba atomikoak bota zituenean, eta egilea, Harry ("emaiezu egurra") Truman izan zen.
Baina Osama Bin Ladenek
belatzei sekulako mesedea egin zien nazionalismo estatubatuarra berriro ere
dantzan jarri baitzuen. Bere egitarauaren atzean AEBk, munduan nahi dutena egin
dezakete, lurra askatasunaren eremua baita eta askatasunaren benetako aberri
bakarra. Eta badirudi, belatzek haien sasoia ailegatu dela sentitzen dutena.
Gobernu estatubatuarra Irakeko gerra benetan luzatu eta handitzeko erabakia
hausnartzen ari da, Cheney presidenteak egindako jakinarazpenari kasu egiten
badiogu behintzat. Israel/Palestina atazari dagokion parekotasun guztiak
arbuiatu ditu. Planeta guztiak dituen aliatu guztiak astintzen ari da, haiek
hartutako erabakiei serio aurre egingo dienik egon ez dadin.
Momentuz, ipar
Ameriketako iritzi publikoa, botere estatubatuarrak egin lezakeen edozein
astakeria defendatzeko itxuran ageri da, munduko edozein bazterretan delarik
ere. Arrakastak lortu du
garaipena. AEBetako armadak ez dakit zenbat mulah eroren kalashnikoven erasoa
geldiarazi du. Beste ez dakit zenbat mulah erok osatutako gobernu bat jarri du
martxan, baina gutxienez AEBen gerra gizonak dira; momentuz, horixe da dena. Eta azkenean, lagunak,
Pentagonoari laguntza emateko prest zaudeten edo ez da kinka ezta? Ongi da,
momentuz badirudi, mulah erotuak botatzea lortu dutela. Sei hilabete barru
itzuli beharko da benetan ziur egoteko.
Hori baino gehiago,
politika honen inguruan zalantza izpiren bat azaltzen duen edozein hiritar
traidore gisa(edo ia-ia) aitortzeko prest daude estatubatuarrak. Balizko
oposizioa, Kongresuko demokratak alegia, beldurtuta dago. Agian mehatxu egiten
diete ez baitute zorion eta pozez hartzen dagoen programa militarista. Ziurrenera,
ez Nixon ezta Reagan ere, Bush aita ez aipatzearren, ez lirateke ausartuko
haiek presidente zirenean honelako politika militarista martxan jartzera. Ze
gogangarriak, Johnson eta McNamara bezalako morroiak AEBtan boterea zuten
bakarrak zireneko garai haiek! Belatzak serio daude azkenaldi honetan:
kontzientzi txar gehiagorik ez, zalantza intelektual gehiagorik ez. Bai,
horretan ari diren artean, AEBetako askatasun zibilak benetan murriz ditzakete.
Lasai aski egin dezaketena ere izanen da, zergadunen milaka milioi dolar,
krisian dauden korporaziotzar erraldoiei, gizarajo horiei, eman. Askozaz
hobeki. Baina ez da hori garrantzizkoena,! AEBen hitzaren garrantzia baizik,
haiek esandakoa ez da gauerdiko ahuntzaren eztula, eta munduaren gainontzeko
partaideek hobe dute kasurik ez egin gustatzen ez bazaie.
Gauzak honela
zentzudunik geratzen bada nonbait, zer gertatzen ahal den ikus dezagun. AEBek
eginen al dute? Ziurrenera. Zergatik? Gehiegizko bortizkeriak ez du indarra
adierazten, ahultasuna baizik. Gobernu estatubatuarrak dena primeran dihoakiola
baieztatuko balu, ez luke Bagdad bonbaketatzeko beharrik izanen. Ez da
beharrezkoa Maquiavelo edo Gramsci irakurria izatea, mundua kontrolatzeko modu
zehatzena indarra ez dela konturatzeko; bigarren edo hirugarren aukera baino
gehiago ez da. Ez ditut hemen berriz agertuko nire aurreko komentario batean
azaldutako tesiak (N76, azaroak 1, Superpotentzia?) eta berriz esango dut, nire
aburuz, AEBk ez direla krisialdian dagoen potentzia hegemoniko bakarrak.
Potentzia hegemoniko
bat beherakada joeran hasten denean, bere aurrean bi aukera baino ez ditu:
errealitatera egokitu burua erabiliz, aurreko garaietan metatutako fruituak
ereinez, edo etxea goitik behera bota. Gure belatzen proposamena, azken hau da.
Hauetariko askok, bere lagunekin batera, Armagedonekin batera, bizirik iraungo
dutela pentsatzen dute eta hau pasa eta gero, tontorrean jarraituko dutela
(akaso min erantsi batzuekin). Beste batzuk aldiz, azkarragoak izaki, agian ez
diote garrantziarik emanen (Apré moi, le déluge [( nire ondoren
euritea!). Eta beste batzuk Strangelove Doktorea baino erotuagoak daude
(Kubricken filmatik "Telefono gorria. Moskurantz goaz hegaz")
Une arriskutsu bat bizitzen ari
gara. Ez da hain
erraza belatza izatea, eta dena dela, ez dauzkate hainbeste aukera. Hau momentu
arraro horietako bat da. Ez badute probesten, edo kale egiten badute, beste
hainbeste denboran horrelako beste aukera bat ez edukitzeko arriskua daukate.
Horrek, ezinbestean, esan nahi duena da, orain frenatzen bazaie, okerrena,
gerora etorriko dela. Zeren arabera dago?
Arriskuaren norainoko
kontzientziaren arabera dago. Ez txikitzeko leudekeen helburuen baitan
bakarrik, baizik eta gobernu estatubatuarrak bere barnean dituen eremu guztien
baitan dago: AEBen erdigune politikoa, NATOko parte diren gobernuak, ondorioen
gaineko erantzukizuna duten kargu militarrak. Mobilizazio graduak ere badu bere
eragina, abila eta azkarra, Franklin Roosveltek "erdigunearen
ezkerra" deitzen zion horren gaitasuna.
Azken hiru hilabete
hauetan nahiko isilik egon dira azken hauek guztiak, zati handi batean
irailaren 11k eragin zuen barne zirraragatik; beste zati batean Osama Bin Ladenen
metodoek munduan sortarazten duten ez atseginagatik eta zergatik ez, zati handi
batean, orain berri gertatu den itxurazko talibanen galtzeagatik. Horrekin
egiten zuten amets belatzek. Haien sasoia ailegatu bada, gogor eta zentzuduna
izanen den erantzun batekin egin beharko diegu aurre.
Immanuel Wallerstein (2001eko abenduaren 15a)
© Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.
Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak
disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta
elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan
zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).
Testuen izenburutetatik
ondorioztatzen denez, iruzkin hauek, zeinak hamabostean behin argitaratzen
diren, mundu garaikedearen inguruko hausnarketa izan asmo dute, beti ere epe
luzeko ikuspegiz.
Translated for RED VASCA ROJA by Mikel Aldasoro Jauregi and Aitziber Sarasola.