Fernand Braudel Center
http://fbc.binghamton.edu/commentr.htm
80. iruzkina, 2002ko urtarrilak 1
XXI. MENDEA, HURRENGO SEI
HILABETEAK
Hurrengo sei hilabeteak
biziki arriskutsuak izango dira Estatu Batuentzat eta mundu osoarentzat. Zertan
da "terrorismoaren aurkako" estatubatuarren guda XXI. mendeko
lehenengo urtearen bukaeran? Neurri batean, estatubatuar gobernuak irailaren
11ren ondotik ezarritako helburuetako batzuk lortu ditu. Afganistango erregimen
talibana eraitsi du ia ia aire indar hutsa erabiliz eta gutxieneko bizitza
estatubatuarren ordainarekin. Orain Kabulen Gobernu koalizio berria dago,
momentuz Estatu Batuen zerbitzura, inongo gobernuk ez dio eragozpen larririk
jarri, ez Europan, ez Ekialde Urrunean, ez Errusia, ez Txina, ezta Hegoaldeko
gobernu gehienak ere.
Estatubatuar
biztanleriak ere ez dio eragozpen larririk jarri politika honi, alderantziz. Bushen
politikak, eta garrantzitsuagoa dena, arrakasta militarrak, oso herrikoiak izan
dira, hori da Alderdi Errepublikarraren berehalako aurreikuspenak (2002ko
azaroan Kongresuko hauteskundeak izango dira) hobetzearen arrazoia. Egia da ere
Bushek ez duela Bin Laden atxilotzerik lortu "bizirik edo hilda", eta
atxikitzeko aukera egunez egun eskasagoa da. Eta horrek, zalantzarik gabe,
Bushen irudia zikinduko du.
Belatz estatubatuarrak,
79. Iruzkinean esaten genuen bezala, bizitzan bitan agertzen ez den aukera
baten legez dakusate egoera eta erronka gogorrean ari dira etekina jasotzeko. Likeneena
da Administrazioaren baitan euren buruan hurrengo hauteskundeak irabaztea beste
gauzarik ez dutenen aldekotasuna irabazten aritzea. Kudeatzaile publiko horiei
irudi dakieke Bush gudalari bat aukera hoberena dela errezesio ekonomikoari
aurre egiten dion Bush baten aldean; horregatik, ingurunean beste erasoladi
militar bat burutzeko aukera (Irak eta Somalia dira herrialde aipatuenak)
erreala bihurtu da, Washingtongo politikari batzuen agendan azpimarratuz.
Beste alde batetik,
beste zenbait kontu ez doaz han ongi Estatu Batuentzat. Badirudi India eta
Pakistanen arteko laugarren guda lehertzeko zorian dagoela; indiarrek diote
Estatu Batuek terrorismoari aurre egiteko guda bitartekoak erabiltzeko
zilegitasun morala badu, beraiek ere zilegitasun moral bera dutela. Aipu
indiarraren logika eta, guda piztekotan, indar pakistandarrak Afganistango
mugatik Indiako mugara mugituko diren gertaera errealaren artean harrapatuta
dago Washington, izan ere horrela Afgandistanetik ihesi Pakistanera doazen Al
Qaeda kideei hesia jartzeko edozein aukera desagertuko litzateke. Gainera,
baldintza hauetan, Bil Laden benetan Pakistanen badago, pakistandar gobernuak
ez du arriskutan jarriko guda zibil baten hasiera Bin Laden entregatuz India
eta Pakistanen arteko gudaldia hasten denean.
Eta zerk eman diezaioke
amaiera Pakistan eta Indiaren arteko guda bati? Iraganean Sobiet Batasunak
bideratu zuen bakea. Baina laister bukatzen ez bada, zer gerta daiteke
Pakistanen? Gogora dezagun Bin Ladenen helburuetako bat gobernu pakistandarra
eraistea zela. Horregatik Gobernu estatubatuarrak bere burua berotzen du zer
egin jakin gabe, baldin eta zer egiterik badu.
Gero Argentinako
arazotxoa dago. Herrialdea lur jota dago aberasteko sukarra (bertako
esplotatzaileak) eta NMF eta diruzain estatubatuarraren zurruntasunaren
ondorioz. Agian krisialdi honek Latinoamerikan eta mundu osoko ekonomian izan
dezakeen eragina bigundu daiteke. Baina, klase ertainak burutu iraultza baten
adibidea kutsakorra izan daiteke? Edonola ere, kalapita argentinarrak mundu
osoan NMFren dekretu zoroei aurre egin nahi dietenen animoak berrindartuko ditu
ziurtasun osoz.
Ezin ahaztu
Palestina-Israelen arteko gatazka. Hango egoeran erreparatuta, batzuek eta
besteek eragindako suak baretuko dituen epe motzeko hitzarmen politikoaren
itxaropena inoz ez da hain iluna izan. Israeldar gobernuak ez du hitzarmena
lortzeko borondaterik, are gutxiago Estatu palestinar bat onartzeko, eta
belatzek unea baliatu dute Estatu Batuek eta alderdi laboristak Aginte
Palestinarrarekin, hots, herri palestinarrarekin, benetako negoziazio
politikoaren ideia bazter ditzaten bultzatzeko.
Hortaz, nagusitasun
militar estatubatuarrak eragin txikiena ere ez duen hiru egoera oso
gatazkatsuri egin behar diete aurre aldi berean Estatu Batuek eta munduak. Estatu
Batuek bere burua diplomaziara ikusten dute mugatuta eta, zinez, Bush ez da
batere ona arlo horretan ezaugarri garrantzitsuena falta baitu, gainontzeko
mundu osoa nondik etortzen den ulertzeko gaitasuna.
Tamainako egoeran, zer
egin dezakete Estatu Batuek? Bi aukera daude: edo itxoin eta ikusi, zerbaitek
hobera egingo duen itxaropenarekin, edo frantsesek fuite en avant
(aurrera ihesi) deitzen diotena, krisialdi anitzaren indarra eta arreta
desbideratuko duten beste norabide batean indarrez kolpatuz. Dagoeneko belatzek
badute proposamen bat: Bagdad bonbardatu (ez dut oso serioski hartzen
Somaliarena: zer egin lezakete han Estatu Batuek lurreratu ondoren?). Eta
Bagdad bortizki bonbardatzen badute, espero al daiteke Afganistanen lortu berri
den garaipen kirurgikoa? Oso ziala da. Saddam Husseinen armada talibanena baino
serioagoa da eta han ez dago Iparraldeko Aliantzarekin pareka daitekeen ezer. Gainera,
hurbileko auzokideek ez dute begikotasun handiz ikusiko oldarraldi
estatubatuarra. Turquiak Irak iparraldean Estatu kurdua sortzeko arriskua bizi
du honek Turquiako barne politika izan lezakeen eraginagatik. Bertako baseen
erabilera baimenduz gero, Arab! ia Saudik barne oldarraldiaren arriskua izango
du. Egia da Iran atsegin handiz atxikiko zatzaiola ekimen estatubatuarrari,
saudiarrak sutan jarriko lukeena. Eta segi bueltaka!
Munduaren
gainontzekoari dagokionez, azter ditzagun munduko eliteei Pew-ek egindako galdeketa. Frantziako, Espainiako,
Alemaniako, Erresuma Batuako, Poloniako, Errusiako, Ukraniako, Argentinako,
Brasileko, Mexikoko, Venezuelako, Bangladesheko, Indiako, Japongo, Koreako,
Filipinaseko, Egiptoko, Pakistango, Turkiako, Uzbekistango, Nigeriako eta
Hegoafrikako negozio zuzendariak, gobernuak, hedabideak, etab galdezkatu dira. Emaitza:
elite estatubatuarraren %50a Irak erasotzearen aldekoa den bitartean,
gainontzeko herrialdeetan %30a baino ez da, mundu osoan alde nabarmenik gabe. Elite
estatubatuarraren %70ak Estatu Batuek era adostu eta anitz batean ekiten dutela
uste duen bitartean, munduaren gainontzeko eliteen %30ak baino ez du gauza bera
pentsatzen. Elite estatubatuarraren %18ak baino ez du uste irailaren 11ko
erasoen eragilea euren herrialdea denik, bien bitartean, munduko gainontzeko
eliteen %58ak ust! e du horrela dela (ehuneko txikiena Europaren mendebadean
ematen da, non %36ak baino ez duen horrela pentsatzen). Eta azkenik, %70
adierazgarri batek (lurraldeen arabera %65a eta %75a artean mugitzen da) uste
du ona dela Estatu Batuak "ukigarriak direla sentitzea".
Horrela ba, ezin esan
belatz estatubatuarrek munduaren gainontzekoko eliteen babes disdiratsua
dutenik (jende arruntei buruz ez hitz egiteagatik); eta Estatu Batuetan ere ez
dute baldintzarik gabeko babesik: militar estatubatuar askok ez du uste Saddan
Hussein eraistea gauza erraza izango denik. Agian biztanleri estatubatuarra ez
da egongo, irailaren 11ren aurretik bezala, Vietmango sindromeak jota, baina ez
dut uste militarrek gaindituta dutenik; ez dute behartuta egon nahi gudu luze
eta nekagarri batean parte hartzera, esaten duten bezala helburu politiko argi
eta zehatzik gabeko gudan, non badakiten biztanleriaren babesa galtzen joango direla.
Eta multinazional estatubatuarrak, oro har, mesfidantzaz dakusate belatzen
balizko ekimenen ondorio ekonomiko eta politikoak.
Hala ere, haientzat, orain edo inoiz ere ez da. Hurrengo sei hilabeteak erabaki handiaren unea izango da, eta ezinbesteko elementu asko dago. Garrantzizko erasoaldi terrorista gehiago izango dira? Bapateko krisialdi ekonomiko berriak agertuko dira? Gobernu afganiarrak baturik iraungo du? Horregatik arrisku handiko unea da. Atzean geratzen bada, hurrengo bost urteei buruz kezkatzen has gaitezke.
Immanuel Wallerstein (2002ko urtarrilak 1)
© Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.
Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak
disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta
elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan
zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).
Testuen izenburutetatik
ondorioztatzen denez, iruzkin hauek, zeinak hamabostean behin argitaratzen
diren, mundu garaikedearen inguruko hausnarketa izan asmo dute, beti ere epe
luzeko ikuspegiz.
Translated for RED VASCA ROJA by Mikel Aldasoro Jauregi and Aitziber Sarasola.