Fernand Braudel Center
http://fbc.binghamton.edu/commentr.htm
85. iruzkina, 2002ko martxoak 15
Israel / Palestina:
izaten ahal da bakerik?
Gero eta zailagoa
bihurtzen ari da pentsatzea otzimugan gudaren bukaera dagoela. Beti izan da
irtenbide errazik gabeko egoera politiko zaila. Hala ere, ez zen ekidinezina
iritsi garen egoerara iristea. Bi mugimendu abertzale modernok lurralde bera
aldarrikatzen duten egoeran aurkitzen gara. Eta ez da bakarrik biek lurralde
eremu bat aldarrikatzen dutela, kontua da biek aldarrikatzen dutela auzian
dagoen lurralde guztia.
Egoera honetan, denok
ulertu genuen hasiera hasieratik balizkoan behin betiko hiru irtenbide baino ez
zeudela: (1) bi nazioez osatutako estatua egituratzea, (2) alde bat edo bestea
lurraldearen %100a bereganatzea (eta aurki besteak kanporatu edo erahil); (3)
bi aldeek onartu lurralde zatiketa adostea.
Bi nazio biltzen
dituzten estatuak baturik iraunaraztea aski zaila da (Kanada, Belgika, Txipre),
baina badirudi ia ezinezkoa dela holako estatuak egituratzea historikoki
existitzen ez zuten lekuetan (eta ab initio egituratu ziren biak
–Txekoslobakia eta Yugoslavia- dagoeneko desagertu dira). Judá Magnes
intelektual juduak, orain ahaztuta, Unibertsitate Hebraieraren aurreneko
errektoreak, bi nazioek osatutako estatua osatzearen alde borrokatu zuen 1948
baino lehen, baina bere iritziak inoiz ez zuen izan entzuleri handirik. Berritan,
zenbait intelektual palestinarrek antzeko gauzak mahaigaineratu dituzte, baina
hauen iritziak ere ez dute entzuleri handirik. Gertatu den guztia ikusirik, ez
dirudi hau aukera bideragarria denik.
Gero elkar
suntsitzearen ideia dago, zeinak bi nazioez osatutako estatuak baino
aldekotasun gehiago dituen. Erronka egingo nuke (ez dago iritzi inkesta
sinesgarririk) apike israeldar juduen %30a eta arabiar palestinarren %30a
aukera horren alde egiten dutela, hauetako batzuk ukatu arren. Hortaz, aintzat
hartzeko aukera da, eta egon badago horren alde gogotik lan egiten duen jendea.
Noski, alde bakoitzean aukera horren alde egiten duten kideek uste dute
garaipena eurena izango dela, eta azterketa geopolítiko luzeak mahaigaineratuko
dituzte (eskuhartze jainkotiarra ez aipatzeagatik) irabaziko dutela frogatzeko.
Eta batek daki?, agian bietako batek arrazoia du, eta munduak beste holokausto
bat zerrendatu ahal izango du -arabiarrena izan edo judutarrena izan- eta
arreta beste auzi batzuen gainean jarri (baldin eta, noski, batak edo besteak
guda nuklear bati hasiera ematea lortzen ez badu).
Hori uzten digu
gainontzekoi (israeldar, palestinar eta ez bata ez bestea ez garenoi), estatu
nazionala sinesgarria ez dela uste dugunoi eta "Armagendona"
irrikiz ikusteari uko egiten diogunoi. Bake eraren baten eremua dei dakiguke. Arazoa
zera da: ze eratako bakea?. Ez da hain erraza, edozein lekutan eta edozein
egoeran bakearen alde egotea, izan ere bi eratako bake hitzarmenak daude: tarta
gutxigorabehera erdi bana zatitzen dutenak, 50-50, eta zati oso handi bat eta
zati oso txiki bat egien dutenak, esan dezagun 80-20. Eta ez diezadatela
justiziari buruz hitz egin. Bakea eta justizia ez dira gauza bera, are gehiago,
sarritan bateraezinak dira. Horrela ba, bakearen alde egotekotan, sarritan
justiziaren ideiatik aldendu behar da, edo gutxienez erabateko justiziaren
ideiatik.
Bakearen alde daudenen
arazoa da oso gutxi direla benetan 50-50 erako irtenbide baten alde daudenak. Gehienek
80-20 erako irtenbideak nahi dituzte. Hori da gertatu zena Osloko negoziazioen
aurretik eta ondoren Israel/Palestinaren auzian. Sharon eta Barak-en arteko
alde bakarra da Sharonek desoreka handitu duela 20-20tik 95-5era. Hori da
gutxigorabehera Arafat eta Hamasen arteko aldea. 50-50era gehiago hurbilduko
den hitzarmena lortzea oso urrun geratzen den gauza da. Eta bien bitartean,
guda gogortu egiten da eta agian bakea nahi dutenen kontroletik haratago dago.
Zer da 50-50 erako
irtenbide bat. Ez dut galdera hori erantzungo irakurleek xehetasunen inguruko
milaka galderekin josiko ninduketelako. Iraganean 50-50 erako irtenbide baten
zenbait abiapuntu izan ditugu. Une honetan, jendea Abdullah printzearen
proposamen zehazgabeen inguruan eztabaidatzen ari da. Uste dut beste edozein
puntu bezain egokia izan daitekeela, baina badirudi inork ez diola bideari
ekiten, eta urte baten buruan Abdullah--ren proposamenak historia izan
daitezke, dagoeneko Mitchell-enak diren bezala. Edozein eratara, norbaitek
50-50 hitzarmen bat lortu nahi badu oso garrantzitsua da ez bakar bakarrik
egitasmo bat, baizik eta izpiritu zantzu bat, elkarri eragindako nekeen neurri
bat eta kanpo eragileen presioa.
Oraingoz, izpiritua ez
dago, muturreko nekea nabaritzen hasi baino ez da egin, eta kanpo eragileen
presioa hutsaren hurrengoa da. estatu Batuak Israelen aliatua da, buruzagiek
inoiz ere ez dira nekatzen jendaurrean adierazteaz, eta gaur egun inoiz baino
egia borobilagoa da. Presioa eraginez gero, Israelen aldeko 80-20 irtenbide
baten alde da. Europarrak zuhurragoak dira, eta horregatik Israelek ez du nahi
inongo eskuhartzerik izan dezaten. Baina europarrek ere ez dute Estatu Batuak
jendaurrean kritikatu nahi. Hori Estatu Batuak eta Europaren arteko harremanen
arazo zabalago baten zatia da. Eta Abdulah-ek, hori ziurra da, ezin du bakarrik
egin, baldin eta benetan 50-50 erako irtenbide baten alde badago.
Hartara ba, zer
gertatuko da?. Horregatik ezkortasunak bere arrazoiak ditu, ezkorrak izatea
ikaragarria izan arren. Israeldarrek berriro Cisjordania eta Gazako eremuak
iraunkorki berrokupatu ondoren, aldeetako batek arma biologikoak edo kimikoak
erabiltzea erabaki eta gero, eta Omar-en mezkita zein damuen harresia behin
suntsituta, gerora ebatzi ahal izango dugu bi aldeetako zeinek erabaki duen
bere buruz beste egitea. Doktorego tesi eta kazetaritza txosten askoren gaia
izango da, eta agian nobela handiak idatziko dituzte.
Nik leze batean ezkutatzea aholkatuko nuke, nahiz eta jakin egun badirela leze sakonenean ezkutatuta ere hil eta desegiteko gauza diren arma zoragarriak. Gauzak xinpleagoak ziren aurreko urtean.
Immanuel Wallerstein (2002ko martxoak 15)
© Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.
Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak
disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta
elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan
zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).
Testuen izenburutetatik
ondorioztatzen denez, iruzkin hauek, zeinak hamabostean behin argitaratzen
diren, mundu garaikedearen inguruko hausnarketa izan asmo dute, beti ere epe
luzeko ikuspegiz.
Translated for RED VASCA ROJA by Mikel Aldasoro
Jauregi and Aitziber Sarasola.