Fernand Braudel Center
http://fbc.binghamton.edu/commentr.htm
91. iruzkina, 2002ko ekainak 15
“Aurre Baldintzak,
Boterea eta Bakea”
Politikak etorkizunean
eragina duten alternatiben inguruko borrokak aztertzen ditu, amaiera ez duten
borrokak. Mundu garaikidean oso desiragarria izango litzateke bozketa eraren
baten bidez ebaztea gehienen borondatea ezarriz. Denok dakigu norbanako eta
gizatalde desberdinek iritziak dituztela interes publikoa duten gai horien
inguruan, zeinak atxikimendu gehiago edo gutxiago duten, eta norbanako edo
talde horiek euren helburuen alde ekiten duten tinkotasunak (horren barne
sartzen da helburuen alde jar ditzaketen diru, itzal eta mesedeak) eragin nabarmena
du emaitzetan. Estatu egonkor eta aski demokratikoa deitu dezkeguna izango
litzateke bortxakeriaren eskuhartzerik gabe eztabaida hauek garatzen dituen
hura.
Jakin badakigu ere eztabaida
eta gatazka hauetako askok presio giro latza sortzen dutela, itxuraz oinarrizko
joko arauetan eragiten dutelako: nor sartzen den eta nor ez erabakiak hartzeko
prozesuan, politika bat edo beste ezartzeko mugarriak, nori dagokion lurralde
baten jabetza edo eskualde baten oinordekotza. Dei ditzagun konstituzionalak
kezka hauek, zeinak ingurumari desberdinetan sortzen diren; hiri batetik
independizatu nahi duen mendi bati eragin diezaiokete, edo Estatuak zenbait
eskubide politikorik gabe utzi nahi duen gutxi batzuei (zeinak batzuetan
hiritarren gehiena diren). Bi estaturen arteko mugen gaineko lehia luze bat ere
izan daiteke.
Azter dezagun azken
hamarkadetan mundu mailako oihartzuna izan duten gatazka hauetako zerrenda
txiki bat: India/Pakistan Katxemiraren inguruan, Hegoafrika apartheid-a dela
eta, Ipar Irlanda, Txetxenia, Israel/Palestina, Chiapas /Mexiko, Sudango
Hegoaldea, kurduak Turkian, euskaldunak Espainian, Ekialdeko Timor/Indonesia,
Kosovo/Servia. Oso desberdina diren zerrenda honetako gatazkek bi parekotasun
dituzte: (1) une batean bortxakeria izan da; (2) Kasu bakoitzean alde batek
egungo egoera defendatzen du eta besteak egoeraren aldaketa esanguratsua
aldarrikatzen du.
Noski egoera oso desberdinak
direla, eta zerrenda osatu dut argi uzteko arlo idelogikoari edo kanpo
laguntzari dagokionez mundu mailan alde bakoitzeko “ahulenak” edo “indartsuenak”
ez duela elkartasun atxikimendu bera lortzen. Litekeena da kosovotarren alde
zegoen jendea ez egitea bat euskaldunekin, edo Sudango Hegoaldekoei
atxikimendua adierazten dietenek ez adieraztea palestinarrei. Noski, jende
horrek ez du uste ez dela zuzena, eta egoera bakoitzeko berezitasunak
mahaigaineratuko ditu moralaren ikuspegitik parekaezinak direla esanez.
Aldiz, gustatuko litzaidake
zenbait parekotasun atzematea gatazka hauen historia jarraituz. Sarritan gatazka
hauen azpian sumatzen diren bidegabekeriak aspaldiko aitzinean izandako
gertakizunekin lotzen dira: talde bat menperatua, kanporatua izan zen edo lurra
ebatsi zioten. Hala gertatu zen talde hori menperatzailea, kanporatzailea edo
ebaslea baino ahulagoa zelako. Gainera, auziak bere baitan hartzen du aitzineko
gertaera hauek ahulenari zenbait eskubide ukatu edo kulturalki suntsitu nahi izan
zuten egitura politikoen sorrerari bidea ireki zion irakurketarekin (erligioa
edo hizkuntza inposaketaren bidez).
Historia edo hitzaspertua
gehienetan ondokoa izan da. Aurreneko urratsa: talde indartsuenak bere egitura
finkatzen du bere merituen eta talde ahulenaren muga kulturaletan oinarritu
arrazoiekin. Bigarren urratsa: talde ahulena politikoki antolatzen da aipatu
argudio bidea zalantzan jarriz eta berdintasunean gehiago oinarrituko den
egitura aldarrikatuz. Hirugarren urratsa: talde indartsuneak ez ditu aintzat
hartzen aldarrikapen hauek eta ahulenak ez du konstituzioan oinarritu aldaketan
irtenbiderik ikusten. Laugarren urratsa: talde ahuleneko batzuk indarkeri
ekintzak burutzen hasten dira; mundua orduan jabetzen da zeozer gertatzen dela.
Laugarren urratsera iristen
garelarik, kanpoko talde indartsuen atxikimendua mantentzean oinarritzen da
politika. Horrela, talde indartsunak adierazten du ahulenaren bortxak ez duela
zilegitasunik, eta bortxakeriaren aldarrikapenak onartzea aurrekari onartezina
litzatekeela. Talde indartsuenak bortxa bertan behera uztea eskatzen du “aldez
aurreko baldintzarik gabe” balizko bake bati bidea irekiko liokeen negoziazioei
ekiteko. Talde ahulenak erantzuten du bortxarik gabe ez zaiela aintzat hartuko,
eta negoziazioek baino ez dutela lortuko bortxakeriarekin amaituko duen
aterabide “politikoa”. Aterabiderik gabeko ataka!
Denok dakigu nolakoa den
laugarren urratsa. Pakistango gobernuari Indiako lurretan ez sartzeko eskatzen
dion Indiako gobernua da. CNAk bortxakeriari uko egiten ez dion bitartean
Nelson Mandela aske uztea ukatzen duen apartheid erregimena da. Edozein
aldaketa egin aurretik IRAren desarmea eskatzen duen Ipar Irlandako
protestanteak dira. Txetxeriako oldartuak hiltzaileak baino ez direla dioen
Errusiar Gobernua da. Terrorismoa amaitu arte Palestinako Agintearekin ez duela
negozioatuko dioen Sharon da. Jartungo Gobernua da Hegoaldeko sudandarrei
esanez armak utzi behar dituztela, eta Gobernu turkiarra gauza bera esanez
kurduei. ETAko terroristak salatzen dituen Espainiako gobernua da. Ekialdeko
timortarrei errepresio basatiarekin erantzuten dien Indonesiako Gobernua da. Serbiako
Gobernua da bere indar militarrak bidaliz oldartu kosovarrak erausteko.
Berriko ere errepikatzen dut
adibide hauek aukeratu ditudala uste dudalako irakurleak ados egon daitezkeela
talde “indartsuenarekin” bakarrik kasu batzuetan, beste batzuetan aurka eginez.
Niri ere gertatzen zait. Baina egiturazko parekotasunak zinez garrantzitsuak
dira. Arreta sortzen duen beste gauza bat da talde bakoitzaren barruko
eztabaidak, zeinak itxuraz berdina duen kasu guztietan. Alde bakoitzak ditu era
bateko “konpromezua” suposatuko duen aterabide “politikoa” babesten duten
epelak, eta alde bakoitzean daude “dena ala ezer ez” delakoaren muturrekoak,
zeinek indar gehienak euren aldeko epelen aurkako borroketan xahutzen dituzten edo
edozein negoziazio aukera zapuzten duten une desegokienean bortxa probokazioak
erabiliz.
Aipatu bederatzi adibideak
desberdinak dira, bakoitza bere berezitasunekin. Eta aterabideak, egotekotan,
oso desberdinak izango dira. Baina denak ari dira boterea eta eskubideei buruz,
denek erabiltzen dute bortxakeria, bai dagoen egiturari eutsi nahi diotenek,
bai eraldatu nahi dutenek. Eta denek amaituko dute baldin eta noizbait
hitzarmen politikoren bat lortzen bada. “Terrorismoaren aurkako guda” talde
ahulenek bortxa erabil dezaten ekiditeko guda bada, haize erroten aurka ekiten
dion On Kixoterekin alderatu daiteke. Noski, indarrean dagoen egituraren aldeko
botereak aurkariak arrakastaz zapaldu ditzake bolada batez, baina bolada batez
baino ez. Egia da ere oldarraldi zehatz baten sustatzaileak menperatuak izan daitezkeela.
Baina kasu horretan, lehenago edo beranduago beste batzuk ordezkatzen dituzte,
epelagoak aldarrikapen batzuk onartzen badira, zorrotzagoak horrela ez bada.
Denok jakin behar dugu
halako gatazken amaiera (bosgarren urratsa, zeinaren adibide historiko ugari
dauden, hala nola Alsacia-Lorena zela eta Frantzia-Alemania arteko gatazka)
beti lortu dela politikoki, eta inoiz ere ez guda baliabideei esker. Hor bi aldeek
aurki dezakete ikasgai historikoa. Baina aterabide politikoak bere baitan
hartzen du bi aldeek bortxa erabiltzea. Edozein gatazka garrintzitsuan ia
ekidieniza da.
Moralean gutxiago eta alde
eraginkorrean gehiago oinarritu azterketek lagungarriak izan daitezke. Amore
ematea beti da mingarria. Garrantzitsua da egiten denean oinazea egungo
belaunaldiek bakarrik nabaritzeko modukoa izatea eta etorkizunekoek nekez
ulertzea zergaitik izan ziren hain mingarriak. Era honetako irtenbideak baino
ez dira iraunkorrak.
Immanuel
Wallerstein.
© Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.
Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak
disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta
elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan
zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).
Testuen izenburutetatik
ondorioztatzen denez, iruzkin hauek, zeinak hamabostean behin argitaratzen
diren, mundu garaikedearen inguruko hausnarketa izan asmo dute, beti ere epe
luzeko ikuspegiz.