Fernand Braudel Center
http://fbc.binghamton.edu/commentr.htm
92. iruzkina, 2002ko uztailaren 1ekoa
“Aurrezaintzako kolpeak: arrisku politiko eta moralak”
Guduak
errealitate bat izaten jarraitzen dute munduan. Hala ere, gutxienez bost
mendetan, mundu egitura modernoko Estatuek guda ekintza bortitzenak eta arrazoi
gabeenak mugatu edo ezabatzeko “guduaren arauak” sortzeko borrokan aritu dira.
Arau hauek pixkanaka pixkanaka osatu dira nazioarteko hitzarmenetan.
1945ean,
Nazio Batuen Gutunak guda bat hasi eta beste batzuk hasitako gudetan lurraldea
defendatzearen artean desberdintzen zuen. Gutunak “norberaren defentsaren”
zilegitasuna onartzen du eta baita “taldearen autodefentsa” ere –zera,
herrialde arteko hitzarmenak zeinetan ezar litekeen herrialde hauetako bat
erasotua bada besteek hura babestuko dutela-. Egunerokoan aipatu arauak maiz
hautsi badira ere, makurkeriaren zerga ordaintzat har daiteke 1945etik araudi
bortxatzaileek zurikeriz ukatu izana hala izatea; aldiz, eurek guda ez dutela
hasi azpimarratu dute, erantzukizuna beste aldeari leporatuz. Adibidez, Ipar
Koreak beti ukatu du 1950ean Hego
Korearen aurka guda hasi izana, erasoak azken honek hasi zituela argudiatuz.
Estatu Batuek 1983an Granada hartu zutenean ziurtatu zuten arriskuan zeuden
medikuntza ikasle estatubatuarren bizia zela arrazoi bakarra, eta beraz, aldez
aurretik Granadak era erasokorrean jokatu zuela.
Estatu
Batuak eta Sobiet Batasunaren arteko guda hotz luzean esaten zen “ikararen
oreka” zegoela. Honek adierazi nahi zuen bi aldeek zekitela haietako batek arma
nuklearrak erabiliz guda hasiz gero, bestea prest zegoela modu berean
erantzuteko, eta beraz ondorio nagusia elkarren suntsipena izango zela. Hala
ere, estatubatuar gobernuak behin eta berriro eztabaidatu zuen (eta beharbada
gauza bera gertatu zen sobietar gobernuan) ea arerioa eraginkortasunez
erantzuteko gaitasunik gabe uzteko bideragarria eta komenigarria zen halako
guda piztea. “Aurrezaintza” izaera baino izango ez zukeen lehenengo kolpe bati
buruz hitz egiten zen. Dakigun bezala, hau ez zen gertatu. Ez dakigu arrazoi
teknikoen ondorioz izan zen (ezustekoa ez zen inoiz izango erantzun
suntsitzailea ekiditeko bezain handia) edo arrazoi politiko-moralengatik
(lehenengo eraso batek Nazio Batuen Gutuna urratuko zukeen). Baieztatu
daitekeena da estatubatuar administrazio bakar batek ere ez zuela erabat
baztertu lehenengo kolpea jotzeko aukera. Askok uste zuten honen helburu
bakarra arerioa “arrantzan” iraunaraztea zela, eta haietako inork serioski ez
zuela inoiz izan erasoa aurrera eramateko asmoa.
Sobietar
Batasunaren porrotaren ondotik aipatu zen jada ez zegoela “lehenengo
kolpearekin” kezkatu beharrik, guda hotza bukatua baitzen. Baina irailaren 11
eta gero, aukera hori indarberritu da. 2002ko uztaileko West Pointeko
hitzaldian George W. Bushek adierazi zuen: “Mehatxuak erabat gauzatzera
itxaroten badugu, gehiegi itxarotea izango da”. Lehenengo kolpea zilegia dela
nahiko argiro azaltzen duen adierazpena da, bereziki Condoleeza Ricek
hitzaldiaren aipua egin zuenetik: “balizko etsaiak gure nazioaren aurka
zuzendutako ekintza suntsitzaileei aurrea hartzeko aukera adierazi nahi du”.
Bob
Woodward-ek 2002ko ekainaren 16ko Washington Post-en jakinarazi zuen Bushen
administrazioak Saddan Hussein erahiltzeko talde estatubatuarren erabilerari
buruz eztabaidatu zuela berriki. Estatu Batuek halako erahilketak landu zituen
50 eta 60 hamarkadeetan, dakigunez hauetako bakar batek ere arrakasta izan ez
zuelarik. 1973an Senatu estatubatuarraren Elizen Batzordeak aipatu egitasmoen
berri jakinaraztearen ondorioz, Fordek agindu behartzaile bat luzatu zuen
1976an aipatu jokamoldea debekatuz. Ondorengo lehendakari estaubatuarrek
agindua indarrean izan zuten, Reagan eta Bush (aita) barne. Baina orain aipatu
egindu hori da ezbaian jartzen ari dena.
International Journal of Intelligence and
Counterintelligence-ren (2002ko otsailak, !5) azken zenbakian, Jeffrey T. Richelsonek
argi eta garbi babesten du “erahilketa segurtsun nazionalaren aukera bezala”.
Pena merezi du arrazoietan erreparatzeak: “Ezin daiteke pentsa debekua
(erahilketena) erabatekoa denik (...) Arrazoizkoa litzateke argudiatzea Estatu
Batuek orain arteko moduan debekatzen jarraitu behar dutela. Estatu Batuek
burutzen duten nazioarteko legeriaren irakurketaren arabera etsai buruzagien
hilketa baimenduta dago hain zuzen ere egokiak izateko aukera gehien duten
egoeretan: guda baten erdian, ekintza terrorista jarraitu batzuen
testuinguruan, edo berehalako eraso baten aurrean. Horregatik debekua ez zen
muga izan lehendakariak 2001ko urrian Osama Bin Ladenen erahilketa baimentzen
zuen agindua sina zezan”.
Horrela
ba, asmoa argia dirudi. Lehenengo Estatu Batuak Saddan Husseinen hilketan
saiatuko dira. Ez badu lortzen (eta badirudi aukera gutxi dituela lortzeko),
orduan aurrezaintzako lehenengo kolpea etorriko da. Bush lehendakariak behin
eta berriro adierazi du “erregimen aldaketa” nahi duela zenbait herrialdeetan.
Hori euren burujabetzaren bortxaketa dela adieraztea gauza nabarmena da, baina
itxuraz horrek ez du kezkatzen, boterearen hizkuntzan mintzo baita, eta ez
legearenean. Hizkuntza hori moralarenarekin estaltzen du: terrorismoaren aurka
eta demokraziaren aldeko borroka. Ez dut hemen aztertuko aipatu egitasmoen
eraginkortasun politikoa. Beste toki batzuetan egin dut, eta eraginkortasun
politikoa hain zuzen eztabaidagaia da administrazio eta Kongresu
estatubatuarrean zein Europar Batasuneko buruzagi batzuen artean.
Baina
politika ez da auzi bakarra, legea eta moralitatea baizik, eta itxuraz bi kontu
hauek eztabaida gutxiago sortzen dute. Jende arruntari, ni bezala, nabarmena
iruditzen zaigu “ekintza suntsitzaileei aurrea hartzea” eta “defendatzea” ez
direla gauza bera arrazoi xume batengatik: legeak onartzen duen defentsa
bakarra eraso baten aurrena burutzen dena da. Eraso bat burutzeko asmoa
oraindik ez da eraso bat, inoiz ez baita jakiten asmo hori burura eramango den
edo ez. Gainera, aldez aurretik erasotzen duenak asmo horren berezko irakurketa
egiten du eta irakurketa okerra izan daiteke (sarritan gertatzen dena). Legeek
ez didate baimenik ematen inoren aurka tiro egiteko norbaiti egunen batean edo
bestean ni hiltzen ahalegindu litekeela pentsarazten didaten nire gaineko gauza
itsusiak entzun dizkiodalako. Hori bai, pertsona horrek bere pistolaren jomugan
jartzen banau, neure buruaren babesean hil dezaket. Oinarrizko desberdintasun
hau aintzat hartu gabe, legerik gabeko munduan egongo ginateke.
Gero
moralaren gaineko koxka dago. Hori ekintzen arrazoizkotasunari atxikitzen zaio.
Eta arrazoizkotasunak eskatzen du aintzat hartzea ze punturaino egon gaitezkeen
okertuta. Ez dirudi arrasto handirik dagoenik pentsatzeko administrazio
estatubatuarreko inor kezkatzen dela agian okertuta gauden aukerarekin. Baina
kezka hori, norberaren azterketa hori, moralarentzat erabakiorra da.
Aurrezaintzako guda bat atzeraezineko ekintza da, ez zuzendu daitekeen delitu
txiki bat (demagun kalteordain txiki baten bidez). Jendea hiltzen da, eta kasu
gehienetan asko. Aurrezaintzako kolpea abiatzen duenak esan dezake beste batzuk
(bere lagunak eta sendia, bere aberkideak) iragarritako erasoak hiltzea ekidin
nahi duela. Baina edozein kasutan bera izango da tiroa egin eta hiltzen duen
lehenengoa. Hori ez badago “ez duzu hilko”) aginduaren pean, egongo al da
zerbait?
Barregarriki
inozoa iruditzen zait. “Lehenengo kolpea” nazioarteko legeriaren aurka doa.
Lehenengo kolpea moralaren aurkakoa da. Soilik akats politiko bat izango
balitz, hari biziraungo genuke. Baina neurri honetako akatsa legean legearen
izana bera azpiratzen du. Eta moralitatean egindako akats batek (batzuk pekatu
deitzen dutena) eraldatzen gaituen zerbait da, eta ez hoberako.
Immanuel Wallerstein
Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak
disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta
elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan
zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).
Testuen izenburutetatik
ondorioztatzen denez, iruzkin hauek, zeinak hamabostean behin argitaratzen
diren, mundu garaikedearen inguruko hausnarketa izan asmo dute, beti ere epe
luzeko ikuspegiz.